XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LANAREN ESKLABO EZ IZATEKO, LAU BASERRI ELKARTU DIRA SARAN

Baserri bateko edo bertzeko zenbait lan erraxago eta fiteagoa egiteko auzokoak elgarretaratzea ez da gauza arraroa, bainan lau baserri, beren ondasun guziekin elgarretaratzea, oraindik orain arraroa da Euskal Herrian.

Saran abiatu berria da Iparralde osoan zentzu honetan lehenbizikoa den esperientzia.

Lau baserrik beren lurrak, azindak eta makinariak bildu egin dituzte eta guzi horiekin 'Geroari' izeneko elkartea osatu berri dute.

Zertarako? Funtsean, bakoitza bere aldetik dutena baino bizimanera hobea izateko lauak elkarturik.

TESTUA ETA ARGAZKIAK:

JOXEMANUEL IRIGOIEN

Agustinen Bordan ezarria dute beren egoitza soziala Geroari elkartea osatzen duten lau baserriek; Omordi, Muga Alde, Atxuri Alde eta Agustinen Bordak, alegia.

Frantziako legediaren arabera, elkarte honen izaera juridikoa GAEC bezala ezagutua da, erran nahi baita (Groupement Agricole d'Exploitation en Commun).

Nolabait erraitekotan GAECa kooperatifa baten iduritsua baldin bada ere, ez da zehazki gauza bera juridikoki.

Sarako hau, Euskal Herrian gisa honetako esperientzia bakarra da, aitasemeen artean egiten dira holako GAEC-ak dirulaguntzak ukaiteko, bainan bertzenaz, Euskal Herrian ez da gure bezalako bertze esperientziarik diote.

BEHIAK ETA ARDIAK

Lau baserrietatik bik ardiak dituzte, eta biak elgarretaratu ondotik, 500 ardiko artaldea du egun Geroari Elkarteak.

Bertze bi baserrietan behiak zituzten, eta denak elkartu ondotik 130 buru dituzte gaur egun.

Horietatik 60 migak dira, eta bertze 70ak berriz, esneko behiak.

Behi-esnearen produkzio kuotari dagokionez, denetara 450.000 pintakoa (litro) da Geroari elkarteak duen kuota.

ELGARRETARATZEAREN ARRAZOIAK

Omordiko Jan Battite Indartek ez du inolako zalantzarik lehendabiziko arrazoia zein den erraiterakoan.

Lehenbiziko gauza bizimanerarengatik.

Zerbait gertatzen bada, norbaitek mina hartu edo bertze zerbait, modu honetara elkar laguntzeko modua izanen dugu.

Gero, egun batzuk hartzea ere, badakizu... bat aspertu egiten da beti-beti egunero behiak deizten aritzeaz ere.

Atxuri Aldeko Beñat Azkarraga ere iduri berekoa da, bakarrik dagoena esklabo bezala da, ez du inor lan egiteko, bakoitzak berea badu eta haren egiten badu lanik aski.

HASIERAKO URRATSAK

Otsailaren lehenetik hasiak dira lau baserrietakoak elgarrekin lanean.

Halere, oraino ezin izan dute asteburutan txandaka libratzen hasi.

Izan ere, ardiak denak elgarretaratuak dituzte, bainan behiak ez oraino.

Horretarako behitegi berria egiten hastekoak dira laister, eriaro aldean (ekainan) segurki.

Geroago, behi guziak elgarretaratuko dituztenean, haiekin lan egiteko manera ere erraxtu eginen zaie.

GASTUAK ETA DIRULAGUNTZAK

Aipatu diren obrak egiteko dirulaguntza ederrak hartuko dituzte, Ehunentzak hogeita hamar inguruan (% 30), eta diru hori, gero itzuli behar ez den dirua da.

Gastuak ere gaitzak dira, denetara ehun milioi libera xahar (25 milioi Pta.) baino gehiago.

Hogeita hamar milioi subentzio gisa hartuko dugu, eta gainerako 80 milionak, onartua den kredituaren bitartez dio Jan Battitek

ANIMALIAK ETA MAKINAK GAEC-AREN IZENEAN ETA JORNALA DENENTZAT BERDIN

Bakoitzaren azindak eta makinariak elkartearen izenean ezarriak dituzte, eta lurrak ere, errentan emanak dizkiote elkarteari.

Gisa horretara antolatuak dira denak kapital berdina izateko.

Bertzalde, hilabetero denak jornal berdina dute.

Jornal hori lanarengatik ordaindua izanen da, eta ez bakoitzak ezarria duen kapitalaren arabera.

Makinariari dagokionez, nahikoa eta sobera ere ba omen dute dagoenekoz, eta ez dute gehiagoren beharrik ikusten.

Zentzu honetan Jan Battitek dioenez, ondoko urteetan ezagutuko dugu diferentzia hor; tresnetan gastu gutiago izanen dugu aise!.

Beraz, lauak elgarretaraturik irabaziak hobetzeko manera ere ikusten diote Geroari elkartekoek.

...ETA ELKARTEA GAIZKI MOLDATUKO BALITZ?

Sozio muntatu aitzin estudiatzen da lehenik haserretuta zer gertatuko den eta nola bereixi dio Jan Batittek.

Hortaz, bakoitxak zer duen ekarria hura berriz hartuko du.

Hori hasieratik kalkulatua dugu.

Horrela ez da fitsik irriskatzen! dio Beñatek.

Itxura guzien arabera, segurutik jokatu dute ez baita itsu-itsuan joaiten ahal holako gauza batean.

Inundik ere, gisa honetan muntaturik, laborantzak badu etorkizunik.